XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ain biotzdun zirudin gizona, pixti amorratu biurtu zan nere aotik ezetz sendoa entzutean.

Beriala deadarka asi zan neri gogor besotik elduaz, eta bere oju aiek entzunda bildu zan notintzaren aurrean, etxe barruan lapurretan arkitu ninduala aitortu zuan gezurti maltzurrak.

Nere jardun aldi guziak alperrikako ziran, ba; ta zigorra, diru jabearen biotz ustelak ezarri dit.

(Ixil-une bat).

Lanik ez! Gosea! Zikin eta melar!.

Baiña kristau ta euzkotar oraindik.

Euzkotar! Abertzale!.

Ara or nere obena.

Ara or, gu, ama-semeon malkoitxasoa.

Itxaso orretatik datoz gure begitara negar-ur tanto garratz auek.

Beraz, nere lanik eza, gure gosea, gure garbitu eziña, gure eriotz bide au gizon kiats jario oien erruzkoa da.

Nik ikurra aldatu banu, amakin zorion osoan biziko nitzan beretzat osabide guziak iritxiaz; ta nik, gizon bezela, zuzen ta sendo detalako, egi bidean jarraitu nai detalako, garbia izan nai detalako: lapur egin naute, aurpegia zikindu didate.

Orra gizon luditarren egintza!.

Ludi gezurti alena! (Ixil-une bat).

Ta ludi orrek badu bizitzeko eskubiderik? Ori da azke dabillena?.

Txiroaren eriotz miñak pareragiten dion txerrenkume madarikatua diru jabe?.

Gezurra egiaren nagusi?.

Nagusi gaiztoa, baiña nagusia beintzat! Ori ezin uka.

(Ixil-une bat).

Daraman bidea jarrai bear badu ludiak, laixter inpernu da.

Txiroa erruki! Ez adi jaio... ez adi jaio; lotsa, gose ta negarra dauzkat zai-ta.

A gizajoa! Edo-ta gizon zorrotz azaldu adi.

Dakarkian aragi puskatxo gorri ori kendu zak igandik eta emen arkituko ditukanen antz gaixtoa artzak.

Negarra ta zoritxarra uxatzeko biotz gabea izatera beartua bai ago.

Ez adilla, ba, iñortzat kupitu.

Negartiari parrakin erantzun ta iñoiz norbait atximur egin naian baletorkik, jo ta eratx zak.

Aizea ta eguzkia bitez ire adizkide bakarrak, osasunaren kontu egille zintzoenak eurak dituk eta.

Baiña, auekin ere kontuz ibilli bear dek batzuetan, gaizto kutsudun azaldu oi dituk eta.